1-Historian zehar PSOEk jorratutako ibilbidearen zertzelada nagusiak
Sarreran zehazki aipatu da lanaren ardatza 1975-78 denbora tartean kokatzen dela eta, beraz, atal honen helburua ez da PSOEren historiaren laburpen bat eskaintzea, dagokigun gaiaren inguruan (sujeto politikoaren aitorpena estatuaren lurralde antolaketaren baitan) alderdiak izan duen jarrera zertzelada batzutan azaltzea baizik. Horretarako, dagokigun garaira iritsi aurretik PSOEren ia mende bateko ibilbidearen hiru une aukeratuko ditugu: alderdiaren sorreratik XX. mendeko lehenengo hamarkada arte lehenengoa, 1917an Estatuaren egitura deszentralizatzeko saioa bigarrena eta II. Errepublika hirugarrena. Kontua ez da ba horrenbeste ibilbide historikoa orraztea, Estatuaren politikagintzan (beti ere sujeto politikoaren aitorpena lurralde antolaketaren baitan) garrantzi handia izan zuten hiru erakuslehiotik PSOEren ideologia aztertzea, behatzea baino.
1-a PSOEren lehenengo urratsak, Bizkaia sozialismoaren bihotza zenekoa.
PSOEk Estatu Espainiarrean eman zituen aurreneko urratsen ezaugarririk nabarmenenak sorkunde berantiarra eta garapen motela dira. Estatuko lurralde desberdinetan izandako hedapenaz ari bagara desberdina edo desoreka ere gehitu beharko dugu, XX. mendeko lehenengo hamarkada arte Bizkaian (zehatzago izateko itsas adarraren ezkerraldean) biltzen baitziren PSOEren talde gehienak.
Pablo Iglesiasek, beste hogei bat lagunekin elkartuta, 1879ko maiatzaren 2an sortu zuen PSOE Madrilen, 1910ean alderdiaren sortzaile eta buruzagiek aitortuko dute PSOEk eragin eskasa duela gizartean eta gainera ia ia ezezaguna dela langileen artean. Hori Estatuko errealitate orokorra bazen ere, besteak beste garapen industrial ezak berez ezinezkoa egiten zuelako langileria biltzeko asmoa zuen alderdi baten zabalkundea, Estatuko ia lurralde industrializatu bakanetakoa zen Bizkaian bestelakoa zen Alderdi Sozialistaren pizkundea. Facundo Perezaguak 1886an sortu zuenen PSOEren lehenengo taldea Ortuellan, 1890an hamar talde eta 820 kide ziren Bizkaian, bi urte beranduago ia bi mila eta 1894an "Lucha de Clases" aldizkaria argitaratzen hasi ziren. 1891 Gipuzkoara zabaldu zen erakundea lehenengo aldiz (lehenengo Irunera eta urte bat beranduago Tolosara). Nafarroan zein Araban 1902an arte ez ziren egonkortu lehenengo taldeak.
PSOE sortu zenetik XX. mendeko lehenengo hamarkada arteko tarte zabal honetan Esatatuko lurralde desberdinetatik Bizkaiko Ezkerraldera lan bila iritsitako milaka eta milaka langileek (1), hauek jasaten zituzten lan baldintza izugarri latzek, bata zein bestearen haritik sortutako mobilizazio ugariek (bost greba orokor eta beste hainbat oldarraldi 1890-1910 tartean) eta PSOEren garapenak elkarri elikatzen zioten ingurunea osatzen zuten. PSOEren egitura hazkundean ezezik, hauteskundetan ere islada garbia zuen errealitate sozio-politikoak Estatuaren gainontzeko lurraldeekin alde nabarmena ezarriz, sozialistek hautesleriaren bozken ia %30a eskuratu baitzuen 1898an Bilbon (2).
Hedapen mugatu eta desorekatuko PSOE honen norabide ideologikoa estuki lotuta zegoen buruzagien izaera ekintzaile nekagaitzarekin eta baita hauek marxismoaz zuten ezagupen eskasarekin ere. PSOEren buruzagiek hasiera hasieratik izan zuten harreman zuzena nazioarteko ezkertiarrekin, alderdia sortu aurretik Lanaren Nazioarteko Erakundean aritu zen Iglesias eta II Internazionalean ere parte hartu zuten arren, prestakuntza teorikoan zituzten hutsuneak gauza onartua da (3).
Kide sozialista hauen lehentasuna ekintza politikoa zen: alderdiaren egitura zabaldu eta sakondu, langileen artean elkartasun taldeak sortu, langileen mobilizazioak bultzatu, ahal zuten toki gutxitan hauteskundetara aurkeztu, propaganda politikoa kaleratu alderdi burges zein beste alderdi ezkertiarren artean (elkarte independienteak eta anarkistak bereziki) berezko esparrua jorratuz, errepresioaren salaketa (bai langileen aurkakoa, bai alderdiaren jazarpena), "El Socialista" edo "Lucha de Clases" aldizkarien banaketa eta langileriak boterea hartuko zueneko une historikoaren zai egotea.
Klase diskurtso zorrotza nabarmentzen da PSOEren buruzagien mintzalditan zein alderdiaren aldizkaritan, eta honekin batera iharduera politikoa kontraesankorra: Klase gatazka azkartu nahian batzutan alderdi burgesekin edozein alkarlana errefusatuz, bestetan elkarrekin hauteskundeetan; orain langileriaren iraultzaren aldeko deia luzatu eta gero anarkisten mobilizazioen aurrean baretasuna eskatu; batean burgeseriaren zapalkuntza salatu, bestean iraultzaren atzerapena burgeseriaren garapen eskasari eragotzi.
PSOEren ideologi politikoaren ardatza klase arteko borroka eta botere ordezkapenaren determinismo historikoa zen. Burgeseria menderatu ondoren langileria botere politikoaz jabetu eta zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialista erakiko zeneko une historikoki (baita zientifikoki ere gehitzen zuten) ekidin ezina iristear zegoela azpimarratzen zuten behin eta berriro sozialisten buruzagiek. Beraz, une hori derrigorrez iristekoa izaki, alderdiaren prestakuntza lehentasunak bi ziren: ekintza politikoaren (legebiltzarrean, udaletan, grebetan...) bidez klase kontzientzia zabaltzea eta alderdia bera sendotzea.
Lurralde antolaketaren baitako sujetu politikoaren onarpenari dagokionez berriz, beste estatu batzuetako alderdiekin zuen harremanaren haritik 1896an PSOEk bere egin zuen II. Internazionalaren IV. biltzarrak herrien autodeterminazio eskubidearen alde egindako adierazpena. Erabaki honekin, klase borrokaren batasun unibertsalaren ziotik eta kolonialismoak eragiten zuen gizaki zein herrien zanpaketa gordinetik sortutako kontraesanak gainditu nahian, alderdi ezkertiarrek urrats bat eman nahi izan zuten diskurtso teoriko politikoan bederen luebaki argiarria ezarriz: herri bakoitzari bere kasa eta edozein zanpaketatik aske zela etorkizuna erabakitzeko eskubidea aitortu zioten.
Internazionalaren IV. batzarraren erabakiak eta beranduago Stuttgartekoak, non "herriak independentziarako hezi behar zirela" (4) zioenak, ordea ezin dute atzendu beste errealitate nabarmen bat: XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako alderdi zein teoriko marxistek (PSOEk marxistatzat zuen bere burua noski) ondorio oso desberdinetara iristen zirela ustez behintzat testu edo dotrina ideologiko maisu beretik abiatuta. Marx-Engels bikotearen iraultzaren zientzia askatzalilea zuten denek ardatz, klase borrokak/botere ordezkapena idatzitako historia dialektikoaren irakurketa komuna, zanpaketarik gabeko gizartea azken helburu bakarra eta testu marxistetan topatzen zuten euren proposamenen zilegitasuna zein baieztapena. Baina kontraesanak agerikoak dira, bai alderdien artekoak, bai adierazpen politiko eta eguneroko iharduerarekin, baita Marxen doktrina bera eta hainbat alderdien ideologiarekin.
II. Internazionalaren baitan denetarik zegoen. Batzuk inperialismoaren erabat aldekoak ziren, are gehiago, herri kolonizatuentzat erabat mesedegarria zela adierazten zuten. Beste batzuek kolonizazioaren iharduera apurgaitza zela arrazoituz, errealistatzat zuten euren burua eta hortaz eragin kaltegarriak biguntzea zuten helburu nagusia. Bazegoen ere "garatu" gabeko herriek kolonizatzaileen sofrikarioa halabeharrez pairatu behar zutela zioenik (5). Adierazpen Komunistan aipatzen den aberririk gabeko langilerian eta El Capital-en hirugarren aleko pasarte batek dioena ("Lurra ez da herri bakar batena, gizadiarena baizik, eta herri bakoitzak gizadiaren mesedetan kudeatu behar du") ziren goiko jarreren zein soka berekoek marxismoan bilatzen zuten abiapuntu-babesa.
Testuinguru honetan, II. Internazionaleko alderdiek kolonialismoaren aurrean hartu behar zuten jarreraren inguruko eztabaida puri purian zegoela, Marxek argi utzi zuen zein zen bere iritzia "Gotha-ko egitasmoaren kritika" izeneko idazkian. Bertan zehazten du, besteak beste, "langileria klase bat den ehinean munduko bazter guztitan antolatu behar dela eta dagokien herria dela bapateko borroka gunea". Hortik zera ondorioztatzen du, "neurri horretan da nazionala klase borroka ez bere mamian, -Adierazpen Komunistak dioen bezala- bere formaren baitan". Jean Zieglerrek dioenez, Marxentzat klase borroka eta kolonialismoaren aurkako borroka era zatiezinean daude lotuta eta horrela isladatzen du: "Sozialistek inoiz ezin izango dute Europako langileri industriala askatu, ez boterea hartu edo gizarte kapitalistaren injustiziari gailendu, ezta Estatua desegin ere, baldin eta aldez aurretik inperio kolonialak ez badituzte akatzen" (6).
II Internazionalaren IV. batzarreko erabakiak zein Marxen irizpide politikoak herrien autodeterminazio eskubidearen alde eginez argitu baziren ere, alderdi bakoitzaren iritzi edo aurreiritzi nazionala herrien izanaren onarpernean isladatu zen, berriro ere eztabaidaren hasierako muinera itzuliz. Zeren, herri baten izana ukatuz gero autodeterminazio eskubidearenak berez galtzen du edukina, sujetoa ukatzen bada sujetoaren eskubideak ez baitu inongo zentzurik.
Herri baten izana osa dezaketen edukinez luze eta zabal eztabaidatu daiteke (hizkuntza, lurraldea, historia, kontzientzia, arraza, hiritarren borondatea, erligioa, sena....) baina ezaugarri hauek eta gehitu daitezkeen guztiei, objetiboagoak edo ez, zilegiak edo zilegitasun gabeak, herri izatearen onarpenak baino ez dio emango sujeto eskubidea. Eta herri desberdinen izanaren onarpena giza multzo bakoitzaren (guri dagokigun kasuan alderdi politikoak) ideologi-nazionalaren araberakoa izango da. Subjetibitate horrexetan dago Mozanbike, Lituania, Irlanda, Catalunya, Kurdistan edo Palestinaren sujeto politikoa aitortzerakoan alderdi politiko batek (edo estatu batek, edo gizamultzo batek) har zezakeen jarreraren koxka. Herri baten izana osa dezaketen balizko ezaugarriak harreman kontraesankorrean gurutzatuko dira kasu guztietan eta azkenean bakoitzaren ideologiak, iritzi zein aurreiritzi nazionalaren baitan, erabakiko du nori aitortu eta nori ez herri izana, eta honekin batera eskubideak, sujetu politikoaren eskubidea, autodeterminazio eskubidea. Hauxe da II. Internazionalaren IV. batzarreko ebazpena eta alderdi desberdinek hartu zuten jarreraren artean atzeman daitekeen aldea (edo ez, berriro eztabaidara itzultzen baikara).
PSOEk 1896an bere egin arren II. Internazionalak herrien autodeterminazio eskubidearen aldeko adierazpena, alderdiaren nazio ikuspegiak tradizio liberaleko nazionalismo espainiar zentralistenarekin bat egiten jarraituko du. Baina ez hori bakarrik, II. Internazionaleko ezkertiarren artean aipatu ditugun jarrera atzerakoienekin lerrokatuz, amiltzen ari zen espainiar inperialismoaren zale ere azalduko zaigu Alderdi Sozialista.
Kubako independentzia guda adibide esanguratsua dugu. Herrien autodeterminazioaren aldeko eskubideari berriki atxeki zitzaion baina antza, PSOErentzat Kuba herri bat edo besterik gabe Espainia ote zen ez zegoen batere argi. Hasieran gaia agerkarietan aztertzea ekiditen zuten eta noizbait ateratzekotan gatazka sistema kapitalistaren zapalkuntzaren adibidetzat jartzen zuten, Kubako gudaldiko edozein kutsu nazionalen gainetik igaroz. Gero, egoera serioski okertuta zegoela, Espainiako sozialistek Pablo Iglesiasen ahotik jakinarazi zuten Londresko Biltzarreko adierazpenean Kubako borroka begirunez zekusatela, baina behin sorterrira itzulita jarrerak dexente aldatzen dira. Espainiar inperialismo-zaletasunetik aldendu ezinik honelakoak gehituko dituzte: Kubari autonomia eman behar izatean egindako akatsak ordaintzen ari dela Espainia, gerraren errua burgeseriarena dela, gazte guztiek edo bat ere ez dela joan behar soldadu eta kasurik hoberenean, guda galtzea ekidin ezina ikusten denean, oker gehiago gerta ez dadin eta Espainiaren interes nazionalaren izenean Kubari independentzia ematearen alde azaltzen dira (7).
. Edonola ere, herrien izana aitortu eta autodeterminazio eskubidetik oso urrun.
Espainiaren inperio kolonialarekin PSOEren jarrera zaletasuna eta epelkeriaren artekoa bazen, Estatu Espainiarrari dagokionez nazionalista-zentralista porrokatuak izango dira eta abertzaleen (gehienbat euskal abertzaleen) aurkari amorratuak. Lehenago aipatu dugu nola eta zergatik zen garai honetan Bizkaia alderdi sozialistaren gune nagusi, ia bakarra. Ildo horri jarraiki bada, euskal abertzaleen aurkako diskurtsoan PSOEk EAJren atzerakoitasuna-burgeskeria eta langileriaren batasun beharraren aldarrikapena izango ditu ikur nagusiak. Zalantzarik gabe bi gizarte sektore oso desberdin ordezkatzen zuten PSOEk eta EAJk, lan baldintza izugarri latzak pairatzen zituzten langile etorkin ezkertiarrak batzuk, burgeseri txikia eta bertako gizarte tradizional elizkoia bestea. Testuinguru honetan aurkakotasuna ekidin ezina den bezala eta berez horrela ulertu behar dira eztabaida politikoan elkarri botatzen dizkioten gupidarik gabeko kritikak, PSOEren diskurtsoak zein iharduerak alderdiaren izaera nazionalista espainiarra porrokatua agerian utziko du. Estatu espainiar osoan herri bakarra (sujetu politiko bakarra) onartzen duen nazionalismoa ezezik, esparru geografiko bereko balizko beste herrien ezaugarri aldarrikapenen aurka ere gogotik aritzen dena.
Sarritan esaten da hasierako abertzaletasun aranistak zuen edukin arrazista izan zela PSOE abertzaletasunaren aurka jartzeko arrazoi nagusienetako bat. Sozialistek ere horrela zioten garai hartan eta ehin batean ez zitzaien arrazoirik falta. Baina egutegiari begiratzen badiogu zera ikusten dugu, 1894ko urriaren 7ko Lucha de Clases aldizkariaren aurreneko zenbakiak (aranismoaren agerpen publikoaren aurretik beraz) jada latzak botatzen dituela abertzaleen aurka, besteak beste "zulús", "erdi barbaroak", "eroak", "arloteak" eta "piztiak deituz". Aldizkari berean separatismoa ezezik, erregionalismoaren aurka ere gogotik ekingo diote esanez erregionalisten izpirituaren txikikeriak nazka eragiten diela. Edonola ere 1899ko urriko Lucha de Clases aldizkarian argi uzten dute PSOErena ez dela bakarrik EAJren abertzaletasunaren aurkako ildoa,. "beti borrokatu dugu eta borrokatuko dugu joera separatista eta ispiritu erregionalisten aurka, azken batean gauza bera direlako", eta gero gehituko dute "sentipen okaztagarri eta barbaro beraren fase desberdinak".
Espainiarrak ez ziren ustezko abertzaletasunen balizko arrazakeri eta atzerakoitasunarekin batera, langileria klasea den ehinean beste klase aurkariarekin (burgeseria beraz, EAJrena burgeseri txikia izan arren) edozein alkarlanaren komenigarritasun eza sustengatzen zuten PSOEkoek. Hots, burgeseriari ezta urik ere zioten, burges zapaltzailea euskalduna, suizarra, frantziarra edo katalana izatea berdin zela aldarrikatuz. Baina gero eguneroko iharduera bestelakoa zen, izan ere PSOE Alderdi Errepublikarreko burgesekin batera aurkeztu zen aurreneko aldiz 1909an baina ez hori bakarrik, urte batzuk beranduago (1918an) ez zuten arazorik izan Bilboko alderdi Monarkiko Tradizionalistarekin zerrenda bateratua aurkezteko.
Sozialistek errotik ukatzen dute Estatu Espainiarreko lurraldetan ohitura desberdinik dagoenik, "gaur esan daiteke ez dagoela lurraldeak desberdintzen dituen ohiturik, lurperatuta ongi dagoen zerraldoa haizetaratzea jotzen ez bada behintzat". Eta bilakaera historikoaren irakurketari dagokionez, Ertaroko erreinutan burujabetza printze edo erregeengan zetzala eta ez herritarrengan argudiatuko dute balizko eskubideak ukatzeko (8). Beraz, benetako argudiorik ezean, Sorozabalek 1899ko urriaren 16ko "Lucha de Clases" aldizkarian azalduko duenez, separatismo bizkaitarra "lau tentelen erokeria" baino ez da izango.
Ezin itxi hasierako sozialismo honen zertzelada nagusien atala Miguel de Unamuno eta Tomás Meaberen aipamena egin gabe. Jatorri bizkaitarreko bi sozialista hauek Espainiar nazionalismoaren aldeko eta euskal abertzaletasunaren aurkako luma zorrotzenak izan ziren. Unamuno da bietan ezagunena, Bilboko Elkarte Sozialistako kide eta hautetsia Salamankara joan aurretik. Gero alderdiko kidetza zuzena utzi arren, ehundaka artikulo argitaratu zituen PSOEren bi aldizkaritan, "El Socialista" eta "Lucha de Clases"-en. Unamunoren diskurtsoak ez du zalantzarako aukerarik uzten: "Espainia osoaren" patriota aitortuko du bere burua, "anti bizkaitarra eta beraz patriota" gehituko du zehazteko. Arrazakeriaren atalasetik beretik, heuren burua kudeatzeko gaitasunik ez die aitortzen katalanei eta, hortaz gaztelauek gobernatzea hobe dela esango du (9). Letra gizona ere izaki, euskara pentsamendu modernoari ezin dakiokela egokitu izango da bere ebazpena eta gero, pozaren pozez iragartzen du hizkuntza honen heriotza 1901eko iraileko "Lucha de Clases" aldeizkarian: "euskara ekidin ezineko eran hiltzen ari den azken faseko gaixo tuberkulosoa da.... bosana! bosana!". Letra gizonaren poza.
1-b Autonomismoaren onarpen teorikoa eta Espainia-nazioa ardatz.
Euskal Herria eta Catalunyako abertzaletasunek piskanaka piskanaka bidea egiten duten ehinean gorpuzten hasten da Estatu Espainiarraren deszentralizazioaren inguruko eztabaida. XX. Mendeko bigarren hamarkada aurrera doa eta Errestaurazioaren eredu politiko instituzionala arazoei irtenbideak egokitzeko ezintasunaren krisian amiltzen ari da, langileen mobilizazioekin batera Estatuaren lurralde egituraketa ezegonkortasunaren eragile nagusia delarik. Era berean, oraindik PSOE alderdi txikia izan arren, hedapen bilakaera garrantzitsua izan du eta Bizkaiko alderdia zeneko garaiak atzean geratu dira (nahiz eta jatorri euskalduneko burukideek garrantzi handia izango duten).
Aipatu dugu nola II. Internazionalistaren IV. biltzarrak herrien autodeterminazioaren alde hartutako ebazpenari 1896an PSOEk adierazitako atxekimenduaren ondotik, alderdi honek diskurso nazional espainolista eta zentralista amorratua jorratu zuen, (kontraesanak kontraesan edo irakurketak irakurketa) nonbait PSOErentzat herri bakarra baitzegoen Estatu espainiarrean.
Estatuko lurraldetako abertzaletasunen gorakadak bultzatuta, Errestaurazioaren krisialdiak eraginda edo dena delakoa, kontua da 1918an PSOEren XI. biltzarrak Estatuko nazionalitate desberdinen errealitatea onartu eta bultzatzearekin batera, hauek estatu federal baten egituraketan garatzea proposatzen duela. Arlo teorikoan baino ez bada ere, XI. biltzarreko erabakiarekin 1896koaren irakurketa besberdinak zeharo mugatzen dira: batean eskubidearen alde azaldu eta bestean sujetua izan badela onartzen baitute: "nazionalitateak (gazteleraz nacionalidades)" hain zuzen. Are gehiago, nazionalitate eta nazio hitzak parekideak izaki (10), Esatuko lurralde desberdinetako sujetu politikoaren aitorpenean jauzi kualitatibo garrantzitsua atzeman daiteke. Norabide berean, azpimarratu beharra dago 1918ko ebazpenak nazionalitateen aitorpena ezezik, hauen ezaugarri bereizleak bultzatzeko borondatea ere agertzen duela. Testuinguru berean, Estatuaren egituraketa federalaren proposamenak berez berresten du lurraldetako sujetu politikoen onarpena, nahiz eta bestelako zehaztasunik egon ezean irakurketa ugariri bide eman diezaiokeen (egituraketa federalaren egitasmoak gauzapen desberdinak izan ditzake eskuduntzen banaketari dagokionez, hala ere "federal" hitzak badu aipatu aitorpen edukina).
PSOEren XI. biltzarreko adierazpenak dioena esango du, nahi den ondorio teorikotara irits gintezke, baina agerikoa zera da, PSOEren buruzagien hitzak eta agerkarien ildo politikoak muturreko nazional espainolismoaren sokatik jarraitzen dutela ordura arte egin bezala. II. Internazionalaren eztabaida, Euskal Herriko edo Catalunyako abertzaleen gorantzako joerari aurre egin beharra, Errestaurazioaren krisialdi sakona eta sozialisten pentsakera balizko garapenaren eragina ez ziren XI. biltzarreko adierazpena baino askoz haratago iristen. Gehienez jota autonomia-zale agertuko dira, baina ez sujeto politikoen onarpenak eraginda, administrazioaren eraginkortasun handiagoaren izenean baizik. Gainontzekoan espainiar abertzale amorratu izaten jarraitzen dute.
Hasiera batean independentismoa eta erregionalismoa zuzeneko errefusapenaren zaku berean sartzetik, deszentralizazioaren alde ere azaldu ziren zenbaitetan, mezu autonomistaren gorakadak alboratu ez zitzan. Hala eta guztiz ere, Estatuaren lurralde antolaketaz ari diren bakoitzean hantxe agertuko da sozialisten nazional espainolismoaren ezpata zorrotza. Bada, PSOEk Esatu Federalaren alde egin zuen 1918 batzar horretan bertan Donostiako delegatua zen Guillermo Torrijos larri azaldu zen esanez balizko autonomiak ideia guztien hedapena bermatu behar zuela. Hilabete bakan batzuk lehenxeago sozialistak ziren Bilboko Udaletxean 1917ko legea deuseztatzea eskatzen duen mozioaren aurka bozkatzen zuten bakarrak. Lerro berean, hilabete haietan Catalunyan garatzen ari ziren kanpaina autonomistak gaitzetsi eta sustengua ematen dioten ezkerreko talde katalanak kritikatzen ditu.
Prietorentzat federazioa gehiegotxo izango da eta "Estatu integralaren" alde egingo. Horren atzean dagoen pentsakera argitu nahirik, sozialisten buruzagiak lau haizetara zabalduko du beraiek "arima espainiarraren" zaindari diren leloa (11). Eta hori mundu osoko klase borrokaren izenean PSOEkoentzat berdin dela burges zapaltzailea euskaldun, espainiar edo txinatarra izatea, eta hori aberriaren kontuak izpiritu eskasen gauza direla, edo EAJko abertzaleen arrazakeria zeharo errefusatzen dutela. Bada Lucha de Clases aldizkarian honelakoak irakurriko ditugu "guk arrazaren alde onak zabaldu nahiko genituzke horren behar handiagoa duten herriei eramanez" (12). 1917ko udal hauteskundetako emaitzei sozialistek aurkeztu zizkieten helegiteetako batean adieraziko dute abertzaleak "espainiako aberriaren etsaiak direla", eta hori langileriak aberririk ez duela!.
Espainiarra ez den abertzaletasunari burgeskeria-atzerakoikeria leporatzearena indarrean jarraitzen du eta jarraituko, ez horregatik PSOEren nazional espainolismoa agerian utzi gabe. Lehenago ere aipatu dugu Prieto zerrenda bateratuan aukeztu zela 1918ko ekaineko hauteskundeetara Barakaldon Ybarra hautagai burges eta monarkikoarekin. Garai berean sozialistek liberalekin ari ziren Bilbo, Bergara zein Tolosako udaletan eta hori gutxi balitz, goi burgeseriaren buru ziren Gandarias, Chávarri, Ibarra, Echevarría ... eta soka berekoek 1919an sortu zuten Liga Monarkikoarekin tratua egin zuen Prietok, hauteskundeetan sozialistei Bilbon oztopoak ez jartzearen truke, PSOEkoek Barakaldon eta Balmasedan monarkikoei gauza bera egitea eginduz.
Bien bitartean komunistak biziki kezkatuta zirela aitortzen du Dolores Ibarrurik (13), izan ere greba iraultzaileak errefusatuz edo hainbat eta hainbatetan langileen mobilizazioen aurrean barealdirako deia luzatzen zuen PSOE berak, tiroka ekiten zuen Bizkaian abertzaleen aurka.
Espainiarzaletasun amorratu horretan murgilduta, euskaldunen kultura bakarra Gaztelak, Andaluciak eta Aragoik utzitako kultura hispanoa dela idatziko du Madinabeitia buruzagiak Lucha de Clases aldizkarian. Baziren noski ikuspegi zabalagoa zutenak, Toribio Etxeberria eta Eibarko sozialistak kasu, baina alderdiaren egituran ez zuten indarrik.
1-c II. Errepublika, irizpide zentralista aukera konstituzionalean gauzatuta.
Estatuaren lurralde egituraketa eta sujeto politikoaren onarpenaren inguruan PSOEren jarrera aztertzeko II. Errepublika garaia denbora tarte biziki interesgarria da, bai PSOE orduko politika baldintzatu zuen alderdi nagusietako bat zelako, bai eragin honek Estatu eredu berria antolatzerakoan islada zuzena izan zuelako. Beste garai historiko batzuekin izan ditzakeen parekotasunak edo desberdintasunak albo batera utzita, gauza da II. Errepublika ezartzearekin batera Estatuaren oinarrien berrantolaketa suposatzen duen konstituzio berriaren osaketa abiatzen dela eta, teorian bederen, hutsetik abiatzen den garapena izaki, Estatuaren antolaketa zuzenki baldintzatzeko ordura arte ezagutu ez duen parerik gabeko une historikoan egongo dela PSOE. Konstituzioaren osaketari Alderdi Sozialistak egindako ekarpena oso argia izango da: Estatu Espainiarraren zentralismo zurrunaren aldeko apostu tinkoa eta, beraz, lurraldeen baitako balizko gainontzeko sujetu politikoen ukapen borobila. Zentzu honetan autonomien alde egingo dituzten adierazpenek bi ezaugarri oso esanguratsu izango dituzte: bata autonomia beti Estatu zentralaren menpe dagoela eta beraz eskubide baino emandako zerbait izango dela, egoera politikoaren egonkortasuna bermatzeko ezinbestean eta gogo txarrez emandako eskaria dela autonomia.
Gogora dezagun PSOEren oinarri ideologikotan 1918an onartua zutela nazionalitateen autonomiaren alde eta "nazionalitate Iberikoen federazioaren" aldeko adierazpen politikoa. Hala bazan ez bazan, Alderdi Sozialistaren iharduera ez zitzaion inondik inora ere oinarri horri atxeki. Joxe Azurmendiren ustez PSOE izan baitzen Estatu Federalaren sorrera ekidin zuena (14).
II Errepublika indarrean jarri eta egun batzutara katalanek Generalitatea aldarrikatu zuten bezala, (apirilaren 17an) Bizkaiko udaletxeak Gernikan bildu ziren "Espainiako Errepublika federalarekin elkartutako eusko jaularitza errepublikarra" osatzeko asmoz. Madrilgo Gobernuak berriz, berehala deuseztatu zuen saio hau Espainiako Parlamentuak onartu behar zituen estatutoen bidearen aukera bakarra ezarriz. Catalunyakoari dagokionez, "El Socialista" aldizkariarentzat Generalitatea garaiz kanpoko erakundea da eta garatzen duen nazionalitatea lotsagarria. Argi zegoen zein zen PSOEkoentzat sujeto politikoa eta bakarra (15).
Alderdi sozialistak egin egin zituen autonomien aldeko zaletasuna agertarazteko saio esanguratsuak: buruzagien adierazpenak desberdintasun historiko etnikoak onartuz (16), 1930ean Donostiako hitzarmena izenekoan prest azaldu ziren Catalunyari autonomia emateko, urte bat beranduago autonomien aldeko erabakia hartu zuten batzarrean, euskal estatutuaren aldeko eta kontrako jarrerak nahasi ziren azkenean aurkakoak gailendu zirelarik, 1936ko Herri Fronteak autonomien aldarrikapena bildu zuen hauteskunde egitarauan... baina iharduera politikoa oso bestelakoa izan zen, arras zentralista eta estatutoen aurkakoa.
PSOEkoak izango dira autonomi estatutoen aurka gehien borrokatuko direnak, hauen onarpenak arriskuan jartzen omen zuelako nazioaren batasuna zein Estatu Espainiarraren burujabetza. Largo Caballero eta Prieto hain tinko ahalegindu ziren Catalunyako estatutoaren aurka, ezen Gobernua beraren egonkortasuna arriskuan jartzera ere iritsi ziren. Komunistak kexu ziren PSOEk Catalunyako Estatutoa Espainiak ekidin ezin zuen zoritxarra bailitzan aurkezten zutelako eta sozialisten koaliziokide zen Azaña askoz haratago joan zen "katalanak garbitzea (17) ez da egingarria (...) baldintza hauetan hobe da hitzarmena bilatzea" (18) bota zuenean, latz bezain argigarri. Sozialistek zioten ez zutela Catalunya kapitalismoaren menpe utzi nahi, baina kontua da gero PSOEkoek bultzatutako legeez baliatuta deuseztatu zuela CEDAren Gobernuak Estatutoa, Generalitateak nekazarien alde egiten zuelako.
Catalunyako Estatutoak oztopoz beteriko bidea egin behar izan bazuen, are okerragoa izan zen Euskal Estatutoaren guruzbidea . Gernikan Eusko Jaularitza errepublikarra osatzeko saiakeraren deuseztapena lehenengo. Gero, autonomiaren alde bazeudela, baina barne kontraesanak korapilatzen hasi ziren eta Lizarrako Estatutuaren aurka egin zuten, Madrilgo Parlamentuan atzera bota, udalen garrantzia azpimarratzen zuenez ez omen zen demokratikoa eta gainera kutsu elizkoia zeriola zioten. Herri Fronteak autonomien aldeko konpromezua sartu zuen hauteskunde egitarauan eta Gobernura iritsi zirenean... baina-k iritsi ziren: epeak, negoziazioak, hika-mikak....azkenean Guda Zibilean erabat murgildu arte ez zen Euskal Esatutorik izan, eta ordurako Nafarroa kanpoan geratua zen.
Espainiako batasuna ardatz zuela, sozialisten diskurtso politikoak betiko lepotik buru egiten jarraitzen zuen. Independentismoaren aurkariak baina autonomiaren aldekoak zirela esan, gero ordea, gauzatzeko orduan oztopoa oztopoaren gainean. Prietok Catalunyako Estatutoa Kongresuan eztabaidagai zela ederki azaldu zuen bezala ez zutelako onartuko halako autonomi estatutorik kontrolpetik ihes egiten zien lurralde batean. Iritzi politiko zilegia bai, partidista ere, baina ez erabat demokratikoa. Soka horrek PSOEren ustezko kontraesan asko eta asko lotzen ditu. Kontrolaren soka.
XX. mendeko hirugarren hamarkadako EAJk aspaldian zituen atzean utzita arrazakeri edukinak eta muturreko elizkoikeriak. Independentziaren aldarrikapenari dagokionez, denetarik zen baina alderdiaren lerro epela zen nagusi. Alderdi burges moderatu eta herrikoia zen EAJ. PSOEk jo ta su jarraitzen zuen abertzaleen aurka bitarteko guztiak erabiliz. Lizarrako Estatutoa atzerakoia eta kutsu elizkoia izateaz gain, ez omen zelako erabat demokratikoa, baina ez bata, ez bestea ez ziren oztopo izan Primo de Riveraren diktadura garaian PSOEko militanteak udal, herrialde edo hauteskunde orokorretan parte hartzeko eta Lan Ministeritzako goi arduretan aritzeko, eta hori diktadorearen adierazpenak arrazakeri amorratuak zirela. Arrazakeri espainola noski. PSOE bezain ezkertiar zen Alderdi Komunistak 1931n onartu zuen Estatuko nazionalitateen autodeterminazio eskubidea, baina sozialistentzat klase borroka Estatuaren batasun zurrunarekin lotzearena berean zirauen, Errepublika Federala ere gehiegitxo.
Klase batasunak zein burgeserari aurre egiteak ordea bazuen bere muga, argia eta zorrotza. Langileen gataztak negoziatzeko garaian edo desegonkortasun politiko larria eragin zezaketen mobilizazioak baretzeko deialdietan erakusten zuten malgutasunak ez zuen parekorik, ia UGTk adina afiliatu zituen STV sindikatu abertzaleko langileak baztzertzen baitzituzten hainbat burgesekin egin lortu hitzarmenetan. Eta ez baztertu bakarrik, garai bereko komunistek erabat kezkatuta ageri ziren sozialistek abertzaleen aurka tiro eginez babesten zutelako heuren itxikeria. Sozialisten jarrera honek komunistekin liskartzera eraman zituen.
1-d Guda osteko basamortu zeharkaldia.
Guda Zibilak eten bortzitza eragin zuen gizarte osoan, are gehiago alderdi politikoen bilakaeran, alderdi ezkertiarretan eta abertzaleetan bereziki. Estatuko lurraldeak menpean hartu orduko, altxamenduaren buru ziren indar eskuindarrek oposizioa errotik ezabatzeko errepresio ikaragarria jartzen zuten abian. Oposizioko beste alderdiekin gertatu zen gisara, PSOEren egoitza, egunkari, baliabide eta bestelako azpiegitura guztiez jabetu ziren faxistak. Militanteei dagokienez berriz, milaka eta milaka hilda, beste horrenbeste preso, fusilatu zain edo atzerrira ihes eginda eta gainontzekoak etxean, faxisten errepresio zarpaldiak eragindako ikara bizia hezurretaraino sartuta.
Han hemenka sakabanatuta zeuden gerrilariak izango dira diktaduraren lehenengo urtetako oposizio bakarra Estatu barruan. Oposizioaren urtetako lehorte luze baten ondotik, berrogeita hamargarren hamarkadaren erdialdera hasiko dira loratzen aurreneko langile mobilizazioak piskanaka pìskanaka. Urtetan aurrera egin ehinean eta industrializazio prozesu azkarrak bultzatuta, langile zein ikasleen mobilizazioak indartuko dira, baina denbora honetan guztian PSOEk ez zuen ia inongo ezarpenik Estatu barruan. Barneko kide zein egitura osoen atxiloketak eta baliabide ezak ez zuten inongo aukerarik uzten. Zenbait unibertsitatetan edo herri-auzotan egon zitezkeen talde ia isolatuak kenduta, PSOEren ezarpena Estatu espainiarrean hutsaren hurrengoa izango da hirurogeita hamargarren hamarkada arte.
Bien bitartean, atzerrian bizirik irauteko gorriak ikusi zituen PSOEk. Guda Zibilak lehenengo eta galtzaile suertatzeak gero erabat gaiztotu zituen barne kontraesanak. Bigarren Gerrate Mundiala ere zarpaldi latza izan zen atzerriratu berriak ziren PSOEren kideentzat eta ulertzeko aski erraza den bezala, baldintza hauetan nekez egin zitekeen alderdiaren antolaketarik. Urteak joan urteak etorri, Prietok zuzenduko du alderdiearen aztarnen berrantolaketa Mexikon lehenengo eta 1947tik aurrera Parisetik. Zeozer beranduxeago, PSOEk Touluosen ezarriko du atzerriko egoitza nagusia eta Rodolfo Llopis izango da honen buru 1972ko abuztua arte.
Barnean ekintza politikorako aukera gutxi bazituen, atzerrian bizi iraupena izan zen PSOEren lorpen nagusia. Hitlerren erorketarekin batera II. Errepublika berrezartzeko itxaropenak bultzatuta oposizioko gainontzeko alderdiekin egindako hartuemanen antzutasuna ageria geratu zen guda hotzaren estrategiaren ondorioz mendebaldeko gobernuek zein EEBBek Francoren erregimena babestea erabaki zutenean. Ordutik aurrera, "Le Socialiste" kaleratzea, atzerriko alderdi politikoekin zein agintariekin biltzea eta estatu Espainiarreko atzerriko oposizio taldeekin noizbehinka izandako hartuemanak ziren PSOEren iharduera ia bakarrak, beste gauza batzuen artean ezer gehiago egiteko baliabiderik ez zuelako. Monarkikoekin, eskuindarrekin edo beste edozeinekin egindako bileretan burututako negoziazioak gora-behera, denbora honetan PSOEren proposamen nagusiek II. Errepublikaren erregimen demokratikoaren birrezarpena zuten ardatz, eta honekin batera autonomi estatutoak indarrean jartzea.
II. Errepublika garaiko ia buruzagi berak izaki, ez da aldaketa ideologiko esanguratsurik somatzen Estatuaren lurralde antolaketaren inguruan. Egoera politikoak ere ez zuen eztabaida horretarako biderik ematen, PSOEk Francoren diktadura, alderdiaren indar eskasa eta II. Errepublikarekin adierazitako konpromezua zituen buruan, ez besterik.
2- Frankismoaren azken urteak, aldaketaren haritik
![]() |